K -gipuzkoakultura.net
ostirala 22 ekaina 2018

1801. Euskaldunen herrian barrena. Wilhem von Humboldt (1767-1835)

Pueblos

ARRANTZA


12. FASZIKULUA

ARRANTZA



"Gizonek sareak eramaten dituzte txalupetara. Trainak, hau da, txalupa handiak hornitzen oso garestiak direnez, patroiak, jabea baita, laguntzaileei arrantzaren erdia besterik utzi ez eta beste erdia bereganatu egiten du du. Ontzietan dena behin txukunduz gero, arraunari ekin eta pozik eta norgehiagoka ateratzen dira. (...) Gutxitan joaten dira itsaso zabalean lauzpabost miliatatik hara, eta herri bakoitzak erraz ezagutzen ditu bereak. Ekaitza sumatu orduko, talaian kea egin eta denak berehala itzultzen dira, nor bere portura edo hurbilenekora, haien herria izan edo ez izan."

BASERRIA


11. FASZIKULUA

BASERRIA



"Etxe guztiak, gutxi gora behera, berdintsu eraiki ohi dira, gehienak bi solairukoak, erdia zurez eta erdia harriz, malda leuneko teilatuekin eta tximiniarik gabe (...) Mahats parrapean gurdiak eta lanabesak ziren, eta haritz zahar baten gerizpean gorotzerako hosto pila zegoen bildua. Sukaldea da, lanak uzten dituen ordu eskasetan, familiaren biltokia. Ondoko gela txikiak lotarako edo ehuntzea bezalako etxe barruko lanetarako baino ez dira. Goian ganbarak dira eta sukaldetik bertan ukuilua dago."

DANTZAK












10. FASZIKULUA

MEATZARITZA



"Meatzaritza ez da inon hemen baino traketsago egiten. Ideiarik batere ez duten eta mendi zulotik sekula atera ez diren, lanbidez meatzari izena merezi ez duten eta janzkera berezirik ere ez duten nekazariek, non edo non lurra irauli, zulo egin, eskuz aurkitutako mea pikotxaz kolpatu eta, denbora puska baten buruan, hobia lantzen jarraitzeko deseroso zaienean, edo ur gehiegi pilatzen denean, lekua utzi eta zulo berri bat egiten dute, lehenagokoa bezain zarpaila."

DANTZAK

9. FASZIKULUA

DANTZAK



"Dantzariek, eskutik helduta eta erritmoari jarraiki, buelta ematen dute borobilean (...) Baina dantzan inportanteena beti ipurdiz jotako kolpeak dira, ipurdiko izenekoak. (...) Ezin da zalantzarik ere egin poz pozik daudela dantzari eta ikusle guztiak, maila jasokoak nahiz apalak, haien artean, dantzan eta pilotan batez ere, desberdintasunak desagertu egiten dira eta; barren barrenetik dibertitzen dira. "

EMAKUMEAK

8. FASZIKULUA

EMAKUMEAK



"Lanaz ari garela, sexuen arteko paperak aldatuak daudela ematen du Probintzia Baskongadoetan, eta bereziki frantses euskal herrian. Ez dut inon ikusi hemengoek baino lan gehiago eta gogorragorik egiten duen emakumerik. Espainiako aldean, maiz iraultzen dute lurra lai zakarraren gainean makurtuta, (...) Bilbon itsasontzietatik kaira pisu izugarriak daramatzate buru gainean, burdinazko barrak batik bat; sutegietan ere ikusi izan ditut mailu eta ingudearekin lanean. Baina aparteko indarrari beste hainbesteko trebetasun eta arintasun handiak gehitzen dizkiotela egin zait harrigarriena."

JANZKERA









7. FASZIKULUA

JANZKERA



"Bizkaitar petoak badu bere janzki guztiz berezia. Zapaten ordez abarkak daramatza, alegia, ertz pixka bat tolestu eta lokarriak dituzten zezen larruzko zolak. Praken kolorea gehienetan beltza da, eta txalekoa, berriz, gorria. Manta edo kasakaren ordez longaina darama, hegal luzeko maukadun jaka zabala. Longaina arre iluna edo beltza izan ohi da. Kasko itxurako kapelu beltz, piku eta belus beltzeko triangeluko hegaldunaz estaltzen du burua."

SOKAMUTURRA

6. FASZIKULUA

SOKAMUTURRA



"Normalean lurrean laxo dagoen soka luze batez korriarazten zaio. Bitartean, danbolinak jotzen du, herri jai ororen laguntzaile nahitaezkoa baita, eta nekatzen hasten denean, zakurrekin xaxatzen da zezena. Alkate batzuk, ordea, jokoa galarazten dute, egiten den bakoitzean lantegi gehienak hutsik geratzen dira eta, eta nik neuk ikusiak ditut 50 edo 100 bat gizon korrika halako zezen baten atzetik."

PELOTA










5. FASZIKULUA

PILOTA



"Pilota jokoa euskaldunen jai nagusia da. Herri bakoitzak bere pilotalekua izateaz gain, lagun guztiek hartzen ahal dute parte jokoan; Euskal Herriko gainerako gauzetan bezala, baina pilota jokoan bereziki, maila sozialak ez du hemen ezer balio, eta igandean herritar gehienak, gizon nahiz emakumezko, alkatea eta apaizak barne, haren inguruan biltzen dira. Herriek osorik egiten diote erronka elkarri partida garrantzitsuetan. Euskal probintzien artean gipuzkoarrek dute jokalari onenen ospea. "

FORUAK













4. FASZIKULUA

FORUAK



"Oso interesgarria izango litzateke jakitea menditar herri txiki honi bere burua gobernatzeko antolamendua lortzerakoan zer nolako zirkunstantziak gertatu zitzaizkion alde, nonahi zapalkuntza eta bortizkeria nagusi ziren garaian; despotismotik anarkiatik bezain urruti dagoen antolamendu honi askatasun noblea baitario, eta oraindik gaur egun ere ondorio onuragarriak baitarizkio ohitura nahiz izaeran. "

EUSKARA

3. FASZIKULUA

EUSKARA



"Hizkuntza berezia da, hitzetan, osakuntzan eta ahoskeran, eta arrotzentzat ulertezina da, baita hitzik ñimiñoenetan ere.
Gaur egun mendialdera jotzen ari da atzera, hamarkadaz hamarkada atzerago, alde guztietatik eraso egiten baitzaio, nazioaren alde ilustratuenak gutxietsia ama gaiztoa bailitzan, eta pentsatzekoa da gainbehera gero eta nabarmenagoa izango dela hemendik aurrera. Mende baten buruan, beharbada, hizkuntza bizien artetik desagertua izango da."

EUSKALDUNAK





2. FASZIKULUA

EUSKALDUNAK



"Oso langileak izanagatik, topa daitekeen herririk bizizale eta festazaleena dira euskaldunak, eta lanegun nekagarrienari ere maiz musika eta dantza jarraitzen zaizkio. Ez zaio ezein bidaiariari oharkabean pasako euskaldunen baretasunaren eta gaztelauen motelkeriaren arteko aldea. Ez dira bizi, gaztelauak bezala, beharrean eta eskasian, ongizatearen erosotasun osoz baizik, eta eskalerik aurkituz gero, gutxitan izaten da bertakoa eta bai gehienetan kanpotarra."

EUSKAL HERRIA





1. FASZIKULUA

EUSKAL HERRIA

"Euskal Probintziek guztiz eite berezia dute eta, Espainia eta Frantzia arteko mugan egonagatik ez zaie, batez ere biztanleei, ez frantziarren ez espainiarren izaera igartzen. Nekazaritzaz, nabigazioaz eta merkataritzaz bizi da herri hau, eta ez dute eskas aurrerapen moralarentzat ezinbestekoa den gorputzaren ongizatea. Antolakuntza askea dute, eztabaida publikoak bertako hizkuntzan izan ohi dira, beraz, elkarren interesa dute."

Creative Commons
2007 Wilhem von Humboldt -  Zumalakarregi Museoa Museo zumalakarregi Museoa
Skype
Gipuzkoa.net