Nachtkerze - Oenothera missouriensis
 

Horma-irudizko pintura Gipuzkoan
Sarrera

 
 
 

Antzina-antzinatik, gizakiak elementu zurrun eta iraunkor bat erabili du bere arte-adierazpenen euskarritzat, horma alegia, bai harrizkoa, esate baterako kobazuloetan, bai pezo, adreilu, silarriska edo harlanduzkoa. Horma honek, mortairuz estali zein estaltzeke dagoelarik, gizakiaren xede erlijioso, estetiko zein politika mailakoak adierazteko balio du, horma-irudietan jasotako irudi geometriko edo figuratiboen bidez. Historian zehar erabili izan da teknika hau, nahiz honen lekuko batzuk ezezagun izan zaizkigun joan den mendearen hasiera arte, paleolitoko labar-artea esate baterako. Beste modalitate batzuk Antzinatik ezagunak izan zaizkigu, hala nola Mesopotamiako pinturak eta, bereziki, Egiptoko horma-atal pintatu handiak. Hauxe izan zen horma-irudizko pinturaren une gorenetako bat, zeren eta teknika honek inguru guztiak hartu baitzituen, hala nola jauregiak, tenpluak eta hilobiak. Gero, greziarrak eta erromatarrak izango ziren arte-adierazpenerako forma honen hedatzaileak hiri berriak sortu eta handitu zituztenean, Mediterraneoan batez ere. Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori eta Europa osoa hartu zuten inbasio handien ostean, Bizantzio izango zen tradizio horren ondorengoa.

Inbasioen eraginez horma-irudizko pinturaren teknika, une horretan, mailarik txikienera murriztu zen mendebaldeko Europan, eta epe erromanikoan azalduko zen, atzera, sendo, konposizio sinple batzuetatik abiatuta eta kolore primarioez osatu paleta baten bidez (San Baudelio de Berlanga – Soria). Garapen honek dotorezia handia lortuko zuen gotikoan zehar (Iruñeko Katedrala), baina errenazimendua izango zen arte-mailarik goreneko bat iritsiko zuen garaia. Mantegna, Migel Anjel, Rafael eta beste hainbat pintorek garai horretako ikusizko mundua iraulkatuko zuten horma-irudizko pinturaren bidez (Sixtotar Kapera). Barrokoak bere garaiari egokitutako forma eta gustuak garatuko zituen teknikoki, baina epearen amaiera aldean beherantz egingo zuen (Errege Jauregia – Madril). XX. mendean, ordea, horma-irudizko pintura goitik behera berriztatuko zen: freskoko pinturaren teknika berreskuratu zen (A. Arteta), eta euskarri berri batzuen bidez arituko ziren, hala nola zementu, hormigoi eta material sintetikoak baliatuz besteak beste; izan ere, hauen gainean pintura akrilikoak eta binilikoak, silikatoak, emultsioak eta beste hainbat erabili zituztelarik, estreinako pausoak egin zituzten ordura arte erabat ezezagun zen mundu batean barrena.

Euskarria

Lehenbiziko egitura-sostengua aipatzean harria, adreilua, silarriskaz egindako horma eta harlandua jaso ditugu, baina bigarren euskarri edo prestakin gisa, hauxe baita guri egiaz interesatzen zaiguna, horma babesten duen luzitua dago, horma-irudizko pintura finkatzeko oinarria dena alegia. Mortairuzko geruza edo prestakin geruza hau, nagusiki karez eta hareaz osatua, hainbat eskualditan ematen zioten hormari. Lehen eskualdia arriccio izeneko harea eta karezko ore lodi eta lakar batez ematen zioten, eta honen eginkizuna hormari ongi atxikitzea zen, hain zuzen hurrengo geruza askoz mehe, trinko eta kare aberastasun handiagokoaren, intónaco deituaren azpia egiteko. Izan ere, intónacoa izango zen pinturaren oinarria.

Horma-irudizko pinturaren teknikak: freskoan eta lehorrean.

Sarritan aditu izan dugu freskoan eta lehorrean eginiko pinturari buruz ari den norbait, eta terminologia hau, esan beharrekoa da, maiz oker erabiltzen da. Ezjakintasunak eragindako horrelako nahasteak saihestearren, egokiena “Horma-irudizko pintura” deitzea da, elementu komuna baita horma baten gainean egina izatea.

Bide batez, gauza bakoitza zer den definituko dugu.

Pintura freskoan.
Freskoan eginiko horma-irudizko pinturatzat fresko dagoen prestakin baten gainean egindako horma-irudia hartzen dugu, hau da, intónaco edo luzituak heze egon behar du, karearen karbonatazioak berak aglutina eta zurga ditzan emandako pigmentuak.

Pintura lehorrean.
Lehorrean eginiko horma-irudizko pinturatzat prestakin edo luzitu lehor baten gainean egindako horma-irudia hartzen dugu; pintura honetan pigmentuak aglutinatzaile batean disolbatuta daude, eta honexen bidez atxikitzen zaizkio hormari. Aglutinatzaile arruntenak karea, tenpera eta olioa izan dira.

Pintura mistoan.
Horrelakotzat jotzen da oinarrian freskoan egin eta lehorrean osatu edo amaituta dagoen horma-irudia.


Horma-irudi bat egitea.

Horma-irudi bat egiteko unean, teknika hauek aplikatzen diren arkitektura-espazioen ezaugarriak direla eta, denbora-tarte asko behar izaten da, eta tarte horiek argi eta garbi zehaztuta daude. Halaz, pintatu behar den espazioa sinplea bada eta aldamio-maila bat hartzen duelarik zerrenda etzanetan antolatuta badago, pontata esaten zaio (ponteio = aldamio, italieraz). Obraren zailtasunek eskatzen dutenean, espazioa zatika antolatzen da, eta zatiotako bakoitzari giornata esaten zaio; hau da, zati bakoitza heze dagoen bitartean egiteko erabiltzen den lan-denbora da giornata. Intónacoak, behin lehortuz gero, ez du balio, eta orduan pikatu eta atzera hasi behar izaten da. Lehorreko horma-irudi bat egiteko unean ez da horrelako arazorik sortzen, zeren eta lehenbizi horma prestatu, lehortzen utzi eta ondoren pintatzen baita.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

         Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzua

Zaharberritze tailerra